XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lur etxeak lehen tomoa kaleratu du eta Elhuyarrek Durangoko azokarako

Euskal hiztegi entziklopedikoak: bi entziklopedia, bi helburu

Hasierako errezeluak ahaztuta, helburu ezberdinak izateak eragin du bi entziklopediek elkarren osagarri izatea eta ez elkarren etsai.

Aurten kaleratuko dira euskarazko lehen bi hiztegi entziklopedikoak.

Lur etxearen eskutik bata, laurehuna orriko hamar tomotan banatuko da; bigarrena, Elhuyarren eskutikoa, ale bakarrekoa izango da, mila eta zazpiehun orrikoa.

Beraz, konpetentzia izan zitekeena elkar osatze mesedegarri bihurtu da, argitaletxe bakoitzak helburu zeharo ezberdinak erakutsi bait ditu.

Josu Zabaleta eta Iñaki Irazabalbeitia, bata eta bestearen arduradunak, izan ditugu solaskide.

HASI berria dugun urtean argia ikusiko dute Lur etxeak prestatutako Lur hiztegi entziklopedikoa - hilero bana kaleratuko dute - eta Elhuyarren Euskal Hiztegi entziklopedikoa - abendurako - izeneko ikerlanek.

Bai batek bai besteak euskarazko liburugintzak zuen hutsune bat betetzeko prestatuak, oso xede ezberdinarekin prestatu dituzte.

Lur etxeak argitaratutakoa hamar tomok osatuko dute eta 100.0000 sarrera izango ditu, 4.000 orritan banatuak.

Elhuyarrenak, ale bakarrekoa, 90.000 sarrera inguru izango ditu eta 1.700 orriko hedapena emango diote.

Lur argitaletxeak, orain bi urte t'erdi, Josu Zabaletarengana jo zuen, honelako lan baten koordinazioaz ardura zedin lehen urratsa, hala ere, Hordago argitaletxearen garaian eman zen.

Orain zazpi bat urte proiektu honen bideragarritasuna aztertu eta lanari ekin genion, baina bost mila orrialde idatzi eta gero bertan behera utzi behar izan genuen.

Azken bi urte luzeak, ia hutsetik hasita, hiztegia prestatzen eman ditugu.

Orain artean Euskal Herrian argitaratutako hiztegi entziklopedikoak erderaz izan ziren osatuak.

Nahiz Auñamendi etxearen izenean Estornes anaiak kaleratzen ari diren Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, nahiz Kriselurenean Haranburuk prestatu Diccionario Enciclopédico del País Vasco eta Historia General del País Vasco, hirurek Euskal Herria dute aztergai.

Ez zegoen gure ikuspegitik mundu osoko informazioa ematen zuen entziklopedia orokorrik, ez euskaraz, ez espainieraz.

Beraz, bazen beharrik, diosku Zabaletak.

Bi helburu ezberdin

Bestelakoa da Elhuyar taldeak jarraitu duen bidea.

Iñaki Irazabalbeitia eta Alfontso Mujikarekin solasean, duela hiru urte ekin genion lanari; osatu dugun lan taldearen soldatak eta maketazioa Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaren bidez ordaintzen dira, baina inprenta-lanak eta bestelakoak gure kontura burutu beharko ditugu.